2016/05/23

GURUTZETAKO XAKE TALDEA

Pasa den astean, Gurutzetako xake taldeko antolatzailea gurekin egon zen. Institutuko hamar ikasleen kontra xake partida bat jolastu zuen baina atsedenaldia zenez, partidak ez ziren amaitu.
Bere bisitaren helburua Gurutzetako xake taldea jakinaraztea zen.




Eta zein ordutan eta non elkartzen diren:





Astelenean eta asteazkenean, 
arratsaldeko zazpietatik bederatzeetara
kultur Etxean






2016/04/25

CERVANTES ETA SHAKESPEARE. 4. MENDEURRENA


Gurutzetako institutuan ere SHAKESPEARE eta CERVANTES idazleak gogoratu ditugu haien 4. mendeurrenean.
Horretarako, 1. eta 2. mailako ikasleek, bai gaztelaniaz bai ingelesez marrazkiak, idazkiak, lemak,... egin dituzte.

2015/11/17

“GAURKO SORPRESA GEHIAGORIK EZ, MESEDEZ”

“GAURKO SORPRESA GEHIAGORIK EZ, MESEDEZ”

1. INDEPENDENTZIA  NEURRI  TXIKIETAN

Bazen behin 10 urteko neskatxa bat, Idoia izena zuena. Oso neska abenturazalea zen, beti gauza berriak ezagutzeko asmoa baitzeukan. Bere gurasoek askotan esaten zioten, hamar urteko neska izateko, oso umoa zela, eta hori egia zen, bai; bere pentsamenduak edo egoera larrietan jokatzeko modua helduen oso antzekoak baitziren.
Ez zen beste neskak baino zuriagoa, ez lodiagoa, ezta altuagoa. Itxuraz beste neska normal bat zela ematen zuen arren, zerbait berezia zeukan; baina hori bere gurasoek ez zekiten eta izan liteke, Idoiak berak ere hori ez jakitea, momentu jakin batera arte gutxienez.

Idoia, familiarekin eta bere Orban izeneko txakurrarekin bizi zen Bilbon. Orban oso txakurkume jostalaria zen eta Idoiarekin ematen zuen denbora gehiena. Idoiaren ama, haur-eskolako irakaslea zen. Lan hura aukeratu zuen, umeak asko maite zituelako eta behin irakurri zuen, gustuko duzun lan bat aukeratu orduko, ez duzula izango inoiz lanik egin behar. Bere aitak, aldiz, etxeak eraikitzen zituen langile bat zen. Baina unibertsitatean arkitektura ikasten zuen, bere ametsa arkitekto lanetan aritzea baitzen. Amak, Idoiaren pareko oporrak izaten zituen, baina aitak, enpresatik deitzen ziotenean soilik lan egin behar zuen, baina urteko edozein hiletan izan ahal zen. Hirurak oporrak zeuzkatenean, Elorriora joaten ziren horiek han igarotzera, bere gurasoak, han jaio, hazi eta ezagutu zirelako. Haien herriko etxea eraiki zuen aitak Idoia jaio aurretik. Harrizkoa zen, gogorra; Gabonetako egun hotzetarako aproposa.
Eskolako lagunak ere baitzituen Idoiak, baina bera, neska bakartia zen. Eskolan haiekin jolasean edo hizketan aritzen zen arren, kalera, bere txakurraren konpainia bakarrarekin ateratzea gustatuko litzaioke. Baina bere gurasoek ez zioten Bilboko kaleetatik bakarrik ibiltzen uzten, arriskutsua zela ziotelako. Idoiak gurasoak beraz arduratzea baloratzen zuen, baina helduagoa izango zenean kaletik ibiltzeko edo edozein gauza egiteko haiekin joatea beharrezkoa izango ez zela ere, pozten zuen neska, ez baitzuen nahi bizitza osoa gurasoen eskuetatik loturik bizi izan behar. Gurasoek Idoia ulertzen zuten, horregatik, Elorriotik libreago ibiltzen uzten zuten neska, hango  auzokide gehienekin harremana zeukatelako eta herrian, hirian ez bezala, arriskuak murrizten zirelako haien ustetan.
2. AMAMAREN JOANERA

Lehen, Idoiak 5 urte inguru zituenean, amaren amarekin bizi ziren ere, hau da, Idoiaren amamarekin. Baina egun batean, amamak etxetik kanpo alde egin zuen inolako azalpenik eman gabe edota arrastorik utzi gabe. Amamak, Garbiñe izena zuen, Idoiaren gustukoen panpina bezala. Hori ez zen kasualitaterik izan ez; amama joan zenean, neskak panpinari bere izena jarri zion, beraz inoiz ez ahazteko. Oraindik lo egiten zuen berarekin.
Gurasoek, jada amama Garbiñe, hiltzat botatzen zuten baina Idoiaren intuizioak kontrakoa zioen, eta bere sena, gutxitan traizionatu zuen neska.

Idoiak, burmuinean, amamarenganako oroimen goxoak biltzen zituen, Garbiñerekin beti oso harreman ona izan zuelako. Idoiak amamaren istorioak entzuten pilo gozatzen zuen eta horiek, nahitaez, faltan botatzen zituen.
Idoiak, amamak oparitako erdi bihotz forma zeukan zintzilikaria zeraman beti lepoan. Neskarentzat garrantzi handia zeukan horrek, amamak Idoia 5 urte bete zituenean oparitu ziolako eta berak ere, zintzilikari bera zeramalako beti lepoan. Gurasoek oso gutxitan izendatzen zuten amama, eta Idoiak horri, ezin zion arrazoimenik jarri. Zerbait ezkutatuko ote zioten?

3. EZUZTEKO GUTUNA

Idoiarentzat beste udako oporretako egun arrunt bat zirudien goiz batean, ohetik altxatu eta gosaldu orduko, kalera atera zen, ea postontzian gutunik bazegoen begiratzeko. Han, soilik, eskutitz bat aurkitu zuen eta hartzaile lekuan, bere izena zegoen idatzita. Idoiari arraro egin zitzaion hura, gutunak gutxitan jasotzen zituelako. Agian bere urtebetetzean edo, baina gehienak gurasoentzat izaten ziren normalean. Kalean bertan gutuna irakurtzea erabaki zuen; eta hurrengoa zihoen:

"Idoiarentzat:
Orban bizirik berriz ikusi nahi baduzu, arratsalde honetan, 17:00 etan, eskola atzeko aspaldi itxita dagoen supermerkatura abiatu behar zara, eta han jasoko dituzun jarraibideak pausuz pausu bete. Gogoratu abentura honetan zuk bakarrik parte hartu beharko duzula eta inork ez duela plana ezagutu behar.
Bostetara arte, abenturazale gazte!"

Idoiak gutuna adi-adi irakurri zuen pare bat aldiz eta aho zabalik geratu zen. Nola? Orban bizirik aurkitu? Egia zen goiz hartan txakurra ikusi ez zuela baina ez zen konforme geratu eta etxetik bilatzera joan zen. Etxe osoa goitik bera arakatu zuen eta txakurraren gustukoen lekuetara itzuli zen, adibidez, arropa zikinaren zakura edota lorategira han egongo zen itxaropenarekin. Orbanen arrastorik ez zuen aurkitu, orduan, gurasoengana jo zuen, baina haiek ere ez zuten ikusi. Berarekin egongo zela pentsatu zutela esan zioten baina urdurik ez egoteko, ziur aski, menditik buelta bat ematera joan zela eta laster itzuliko zelako. Idoiak baietz esan zien irribarre batez, baina bere barnetik urduri zegoen, oso.
4. ERREKADUA

Bazkaldu ondoren Idoia pentsakor gelditu zen bere ohean etzanda Orban eta bera agertzen ziren argazki bat eskuen artean zeukala. Kezkaturik zegoen Orbanengatik, faltan botatzen zuen. Ez zekien gutuna misteriotsuarena ea gurasoei kontatu behar al zien ala ez. Burua zalantzaz beteta zeukan, eta minutu batzuetako hausnarketa egin ondoren, eskuko erlojuari erreparatu zion, 16:00ak ziren. Ordu bat zeukan aurretik.
Azkenean, supermerkatura joatea erabaki zuen, huraxe baitzen Orban askatzeko ezagun zeukan modu bakarra.

Herritik bira bat ematera zihoala esan zien gurasoei eta haiek ez zioten eragozpenik jarri. Kalera atera zenean, Idoia beldurtuta zegoen, supermerkatuan zerekin aurkituko ote zen ezin asmatu.
Ibiltzen zihoala, Idoia, haien etxe alboan bizi zen Elena izeneko bizilagunarekin topo egin zuen. Elena Idoiaren izeba amama zen eta duela gutxi iritsi zen herrira. Bera, Malagakoa zen baina bere semea Elorrion bizi eta han lan egiten zuenez, ama, zaharren egoitzatik ateratzea erabaki zuen, eta berarekin bizitzera ekartzea. Elenak Elorrio gustuko zuen, nahiz eta bere herria faltan bota han bere bizitzako urte gehienak eman baitzituen. Bere semearekin bizitzen oso gustura sentitzen zen baina batzuetan lekuz kanpo ikusten zuen bere burua herri horretan, bera euskaraz hitz egiten ez zekielako. Elenak Idoiari oihu egin zion:

-   ¡Indiana! No me podrías echar tú una manica, ¿verdad?

Idoia bere gauzei buruz pentsatzen ari zen, eta Elenaren oihuak, zurtuta utzi zuten neska. Idoia gaztelaniaz hitz egiten bazekien baina praktika falta zitzaion, etxean beti euskaraz egiten zutelako. Gainera, momentu hartan, ez zeukan gogorik gaztelaniaz hitz egiten saiatzeko eta nahiago zuen emakumeak esfortzua egitea.

-   Arratsaldeon Elena! Idoia dut izena. I-D-O-I-A. Barkaidazu, baina gaur presaka nabil, zer behar duzu ba?

Elenak neskaren hitzak gutxi gorabehera ulertu ondoren, gaztelaniaz jarraitu zion.

-  Jo, pues mira, estaba colgando las ropas en el tendedero, al aire, para que se secaran más rápido, y se me ha escapado volando con estos aires del norte, la bufanda del Athletic de mi hijo Alberto, y no veas el disgusto que se va a llevar cuando vea que no la tiene. Yo ya no estoy para ir corriendo por ahí, pero tú, que eres una chavalilla todavía, ¿no te importaría ir a buscarla?

Idoiak une hartan ezin zuela esatera zihoanean, bapatean gogoratu zuen, haren gurasoek jendea laguntzera behartzen zutela, batez ere, pertsona zaharrak baziren. Neskari normalean ez zitzaion inporta halako errekaduak egitea baina egun hartan bertan … Azkenean, baietz esan zion Elenari, enpatia izanez, berari ere gustatuko zitzaiolako laguntza jasotzea. Baina gauza bat argi zeukan; ez zen lepokoa bilatzen jarriko supermerkatutik pasatu arte, Albertok beste lepoko bat erosi ahal zuelako, baina Orban bezalako txakur gehiagorik ez zegoelako munduan.


5. POST-IT-eko MEZUA

Korrika joan zen Idoia supermerkatura, Elenarekin hizketan egon zenez, ia ia 17:00ak zirelako. Ailegatu zenean, beldurrez dardaratu zen eta azala oilo-ipurdi jartzen ari zitzaiola nabaritu zuen. Beldurra alde batera utzita, gehiago hurbildu zen, baina egia esan, ez zuen ezer berezirik antzematen. Joatekotan zegoenean, izkina bateko kristalean, Post-it hori bat zegoela ikusi zuen. Papertxo hori horretan zerbait idatzita zegoen, kaligrafia txiki ezin hobearekin:

“Aupa Idoia!                                                                                               
Mezu hau irakurtzen ari bazara, oso neska ausarta zarela esan nahi du, eta zure txakurtxoarengatik edozer egingo zenukeela jakinarazten ari didazu. Lehenik, esan nahi dizut, hau joku moduan hartzen baduzu, askoz dibertigarriagoa egingo zaizula. Badakit urduri samar egongo zarela, baina hori jokabide arrunta da, lasai. Ez diot Orbaneri minik egingo, inoiz ez nuke horrelakorik egingo, ez. Agian beste mezuan gogorregia izan naiz baina jakin ezazu nirekin ondo zainduta egongo dela. Niretzat oso garrantzitsua da, zuk jokoarekin jarraitzea, amaieran ikusiko duzu zergatik.
Hiru objektu bildu beharko dituzu, bakoitza, notatxo batetik hurbil aurkituko duzu. Hirugarren Post-it-ean, agertuko da gure gera puntua, eta hara hiru objektuak eraman beharko dituzu, bion artean zerbait kuttuna egiteko. Han nor naizen ikusiko duzu eta Orbanekin elkartuko zara berriz.”

Idoia asko erlaxatu zen mezu hura irakurtzean, Orban arriskupean ez zegoelako, edo gutxienez, mezuak hori ziolako. Papertxoaren azpian, harez betetako zakutxo bat aurkitu zuen, eta 1 zenbakia itsatsita zeukan plastikozko poltsan. Birritan pentsatu gabe, Idoiak hare zakua hartu zuen, jokoaren lehenengo objektua izango zela ondorioztatuz. Eta … orain zer egin behar zuen? Supermerkatuaren ingurutik biraka ibili zen, baina ez zuen papertxo gehiagorik aurkitu ezta bestelako pistarik.
Minutu batzuetan zehar pentsatzen egon zen Idoia, eta azkenean, Elenak agindutako errekadua egitea erabaki zuen, hau da, Albertoren lepokoa lehen-bailen aurkitzea. Horrela, pentsatzeko denbora izango zuen.
6. ZUHAITZETIK TIROKA

17:15ak ziren. Herritik bueltatxo bat ematen ari zela lepokoaren bila, merienda hartzeko ordua zela konturatu zen. Gose zenez, etxera hurbiltzea erabaki zuen. Bidean, ez zuen auzokide ezagunekin topo egin, eta hori arraroa egin zitzaion, gehienetan gelditu behar zelako jendea agurtzera. Etxetik oso gertu aurkitzen zen zuhaitz batean, lepoko gorri bat zintzilik zegoela iruditu zitzaion. Gerturatu zenean, haizearen ondorioz, lepokoa goiko adarrera ailegatu zen. Idoia oso trebea zen gimnasian, eta askotan igo zen zuhaitzetara. Horregatik, gehiegi pentsatu gabe, eskalatzera ekin zuen. Hori bai zela arriskutsua, eta gurasoak askotan bronka mundiala bota zioten horrelakoak egiteagatik, baina honetan arrazoi on batengatik egiten zuen eta ez soilik, ondo pasatzeagatik. Oin bat bestearen atzetik jartzen joan zen, zuhaitzeko enborra euskarri gisa erabiliz eta konturatu zenerako jada goi-goian zegoen. Bazekien behera begiratzea ez zela aproposa, baina hala ere, kuriositatearen indarrez edo, burua lurrera mugitu zuen eta distantzia ikustean, izualdi ederra hartu zuen gure neskak. Lurretik begiratu zuenean, distantzia gutxiago zegoela pentsatu zuen, baina igotzean benetako arriskua hauteman zezakeen. Bere barnerako errepikatu zuen behin eta berriz “ez ezazu lurrera begira”. Lepokoa ikusi zuen, hurbildu zen eta tiroka hasi zen askatzeko asmoz. Tiroka zegoela, oina lekuz mugitu eta bere burua lurrean ikusi zuen. Azken unean, lepokoari bi eskuz eutsi zion eta zintzilik geratu zen gure neska zuhaitz garai horretatik. Bere etxea handik oso gertu zegoen baina ez zuen nahi bere gurasoek zuhaitzarena jakitea. Bazekien oihuka hastekotan, auzokideak txoro moduan jarriko zirela, bera urduriago jarriko zela eta gainera, besteek, bere gurasoei gertatutakoa jakinaraziko zietela. Horregatik, bera bakarrik, inoren laguntzarik gabe, egoera larri horretatik aterako zen. Idoia, eskuekin lepokora lotuta, balunkatu ondoren, oinak adarrean berriz izatea lortu zuen. Neska azkar-azkar jaitsi zen, bere ingurura begiratu zuen, eta inor ez ikustean, pilo lasaitu zen. Orain, lepokoa zegoen adarra, askoz baxuago zegoen, bere pisuaz erabat jautsi zelako. Horregatik, lurretik heldu zezakeen.
7.  ZAURIAK DESINFEKTATZEN

Horrela, hanketan zauri txiki batzuk zeuzkala eta Albertoren lepokoa, hare zakuarekin batera, motxilan zeramala, etxera hurreratu zen. Bapatean gogoratu zuen. Lehenengo pista, postontzian utzi zioten, orduan, ziur aski, hurrengoa, han egongo zen ere. Oraindik belaunetan mina zeukan arren, korrika abiatu zen postontzira, eta ireki zuenean … han zegoen! Poz pozik ireki zuen gutuna eta bigarren mezuak hurrengoa zihoen:

“Kaixo Idoia!
Oso ondo egiten ari zara orain arte eta horrela jarraituz gero, arratsalde honetan jokoarekin amaitu ahal izango duzula aurreratzen dizut. Honetan, labur-labur azalduko dizut. Hurrengo objektua, pilotarien lekuan aurkituko duzu. Korri ezazu haren bila!”

Idoia gutuna irakurri ondoren, azkar-azkar herriko frontoira abiatu zen. Bidean, iturri batekin topo egin eta edan ondoren, zauriak pixkat garbitu zituen. Amak beti esaten zion zauri bat egitean, berehala garbitu behar zuela, bestela, infektatu ahal zelako. Idoiak ez zuen ondo ulertzen zauria infektatzearena etabar, baina hala ere, amak esandakoa betetzen zuen bada ez bada.
8.  PILOTARIEN AZALEAN

Frontoira ailegatu zenean, hutsik zegoela ikusi zuen. Oso arraro egin zitzaion, 17:35ak baitziren, eta bostetatik aurrera, orokorrean, beti norbait egoten zelako. Hori alde batera utzita, horman, klarionez eta letra larriz idatzita zegoen zerbaiti erreparatu zion:

“BERRIRO ELKARTZEN GARA. HONETAN, OSO ERRAZ IZAN DUZU.
HURRENGORAKO, GURE ``SORTZEZ GARBIAREN ELIZA´´-ra ABIATU BEHAR ZARA, HAN AURKITUKO DUZULAKO GURE GERA PUNTUA ADIERAZIKO DIZUN NOTATXOA. `EZKUTALEKURIK ONENA, BISTAKOENA DA´, BERAZ, HURRENGO PISTA AURKITU NAHI BADUZU, ESALDI HORI PRAKTIKAN JARTZEA EZINBESTEKOA IZANGO DUZU. GOGOZ JARRAITU!”

Bai, egia zen, honetan ez zuen dudarik izan eta gainera, askoz lasaiago sentitzen zen. Baina elizara joatearena … ez zitzaion batere gustatu. Berak ez zuen lehenengo jaunartzea egingo eta igandeetan ere ez ziren inoiz hara joaten meza entzutera. Gurasoekin edo eskolarekin beste leku batzuk bisitatzera joaten zirenean, batzuetan, leku horietako elizak ikustera sartzen ziren baina oso gutxitan. Ez zekien zehazki zergatik, agian ohitura faltagatik edo, baina beldurraren antzeko zerbait sentitzen zuen elizetara sartzean. Ez zekien zer egin. Orbanekin elkartu nahi zuen baina … elizara bakarrik sartzearena pentsatzeak dardara eragiten zion. Bigarren objektua bilatzen zuen bitartean, hara joatearena pentsatuko zuela erabaki zuen. Pin pon mahaitxoaren azpian, kartoiez osatutako laukizuzen bat aurkitu zuen, eta horren alboan 2 zenbakia idatzita zegoen. Motxilan sartu eta harearekin eta kartoi zati batzuekin zer egin ote zezakeen pentsatzen jarri zen. Ez zuen ezer ulertzen.
9.  KANPOTIK EDERRA, BARRUTIK NOR DAKI

Haien herriko eliza ``Sortzez Garbiaren Eliza´´ deitzen zen. Kanpotik oso polita zen, Bizkaiko ederrenetako bat, zehazki. Estilo gotiko ikusgarriz eraikita zegoen, eta egia esan, pena merezi zuen hura bisitatzeak, gutxienez kanpotik ikusteko.
Amak Idoiari behin esan zion, pertsona multzo bat helikoptero batean zeudela, eta jausgailuarekin botatzera zihoazenean, hobeto pentsatu ondoren jauzi ez egitea erabaki zutela. Neskari erakutsi nahi zion ondorioa, berak erabakiko zuela ea helikopterotik botako zen ala ez zen, hau da, ea eguneroko egoeratan gauza berriak frogatzera ausartuko zen ala ez.
Idoiak ez zuen hori inoiz praktikan jarri izan behar, baina honetan, jada bere esanahia ulertu zuen. Horregatik, gehiago pentsatu gabe, elizara sartzea erabaki zuen, bestela, agian, kontrakoa egingo zuen. Azken batean, zer gerta zezakeen?
Sartu zenean, sarreran zegoen gizonak hauxe esan zion:

-  Arratsaldeon eta ongi etorri! Argazkiak atera ditzakezu, baina flash-ik gabe. Edozer gauzarako hemen naukazu. Bisitaz gozatu!

Idoiak buruarekin baietz esan zion eta sartu zenean, dardara txiki bat nabaritu zuen gorputzean. Besterik gabe, oin bat besteari jarraituz aurrera ibiltzen segi zen. Barrutik, berak bisitatutako beste elizen oso antzekoa zen. Momentu batean eten egin zuen, horman zegoen koadro batek bere arreta deitu zuelako. Idoiak, askotan ikusi zuen telebistako pelikuletan, nola zerbait garrantzitsua ezkutatzen zuten koadro baten atzean edo liburu bat mugituz, pasadizo sekretu bat agertzen zela. Honetan, koadroarena praktikan ipiniko zuen baina inork begiratzen egongo ez zenean, noski; ez baitzuen nahi elizako isunik jaso. Bere ingurukoei erreparatu zien. Sarreran, lehen bezala, gizon bat zegoen, kanpora begira asper aurpegiarekin. Aulki batean eserita, beltzez jantzitako norbait zegoen, Ama Birjinari begira. Orduan, Idoia, bere unea zela jakin zuen. Sokatik salto egin eta koadrora isil-gordean hurreratu zen, inork ikusi ez zezan. Margolana pixkat okertu eta haren atzean beste Post-it hori bat aurkitu zuen. Honek zioen:

“Etaparen amaierara heltzear zaude. Hirugarren objektua bildu eta nirekin eta Orbanekin elkartuko zara. Zorte izan, gu, bitartean, labirintoaren erdiko puntuan zure zain egongo gara.”

Idoia poztu zen irakurri zuenean, labirintoan elkartuko zirela, asko gustuko baitzituen. Momentu hartan, neska kezkatzen zuen gauza bakarra, hirugarren objektua aurkitzea zen, lehen-bailen Orbanekin elkartzeko eta pertsona misteriotsua nor zen ezagutzeko. Isilpean sokako beheko partetik atera zen eta inork ikusi ez zuela baieztatu zuen. Ondoren, eliza osoa arakatu zuen goitik behera, baina ez zuen hirugarren objektuaren arrastorik aurkitu. Elizako aulkitxo batean eseri zen burumakur. Idoiak nerbio-tik bat zeukan, guztiok bezala. Bera, eserita eta urduri zegoenean hankak kulunkatzen hasten zen geldi gabe. Hori egiten hasi zenean, oinarekin zerbait nabaritu zuen. Behera begiratu, eta han zegoen hirugarren poltsatxoa! Barruan errotulagailu pare bat eta kola potea zeuden. Poltsa motxilan sartu eta poz-pozik abiatu zen labirintora.
10.  LEPOKOA GIDA GISA

Txikitan, amama Garbiñerekin labirintora joaten zela gogoratzen zuen eta etxera itzuli aurretik, usoei, jateko ogi puskak botatzen zizkietela. Duela asko ez zen parke horretara joaten, behin, labirinto txikian galdu zelako eta oraindik, oroimen txar hori buruan gordetzen zuelako. Gainera, bere etxetik gertuago beste parke handiago batzuk zeuden.
Ailegatu zenean, korrika sartu zen labirinto txikian, eta erraz-erraza egin zitzaion erdira heltzea; izan litekeen oraindik bidea gogoratzea. Baina han ez zegoen inor. Orduan berriz kanpora bueltatu zen eta labirinto handian izango zela ulertu zuen. Beste labirintoan, ez zen inoiz sartu. Horma altuagoak zituen, eta txikian behin galdu bazen, zer gertatuko ote zitzaion horretan? Orduan, bonbila piztu zitzaion. Motxilan zeukan Athletic-en lepokoa hariz josita zegoen. Horregatik, egin behar zuen gauza bakarra, lepokoko hari bat askatzea eta sarrerako zuhaitzetako batean lotzea zen. Horrela, neska eskuetan eramango zuen gainerako lepokoa, eta hura, pixka bat listuko zuen aurrera egingo zuen bakoitzean. Idoia ez zen berriro lehen pasatu zuen lekuetatik igaroko eta gainera, momentuen batean kanpora jo nahi bazuen, bidea markatuta izango zuen. Ideia bikaina zen benetan. Hala egin zuen, baina pausu bat ematen zuen bakoitzean, Elenaz gogoratzen zen. Berari ez zitzaion gustatuko lepokoa modu horretaz haustea, eta zer esango zion pentsatzen zegoela … Orbanen zaunkak entzun zituen. Idoia zoriontsu zegoen, labirintoaren erdira lehen-bailen heltzeko irrikan. Gero eta azkarrago mugitzen zen eta halako batean, hariarekin behaztopatu, eta lurrera erori zen gure neska. Konortea galdu zuen denbora txiki batez, eta begiak berriz ireki zituenean, Orban, bere aurpegia miazkatzen aurkitu zuen. Goitik behera beltzez jantzita zegoen norbait zegoela ere ohartu zen. Elizan zegoen pertsona zela iruditu zitzaion. Pertsona hori, berarengana hurbildu zen, eta altxatzen lagundu zion.
Idoiak, urduri “nor zara?” lotsati bat xuxurlatu zion. Pertsona misteriotsuak, poltsikotik erdi bihotz forma zeukan zintzilikaria atera zuen. “Orain ezagutzen nauzu?” Idoiari zintzilikari hura berehala egin zitzaion ezaguna. Berak lepoan zeramana bezalakoa zen, amama Garbiñe oparitu ziona. Orduan … pertsona misteriotsu hura bere amama zen?!
11.  USTEKABEKO TOPAKETA

Beltzez jantzita zegoen pertsonak, buru-berokia kendu eta bai, Idoiaren amama Garbiñe zen. Elkar besarkada bero eta goxo bat eman zuten. Idoiak elkartze horrekin askotan amestu zuen, bere ilusioa zen, eta azkenean, errealitate bihurtu zela jakiteak neska inoiz baina pozago egoteak eragiten zuen. Orbaneri zenbait fereka egin eta besarkada eta musu batzuk ere eman zizkion.                        Horren ondoren, Idoiak amamari azalpenak eskatu zizkion. Labirintotik atera eta gurasoak zeuden haien zain. Idoia ez zekien zer gertatzen ari zen. Amama hizketan hasi zen:
-   Idoia … uf! Hau uste nuen baino zailagoa izango da. Badakizu nik zuekin bizitzen egon nintzela urte batzuetan, ez? Ba … nola esan, ni … ni ez naiz zure benetako amona.
Hitz horiek guztiz hunkitu zuten neska. Nola izan zitekeen hura posiblea? Orduan amak hitza hartu zuen.
-  Zure lagun guztiek aitona-amonak dituzte baina zure kasuan, guztiak hil ziren zuk jaio baino lehen. Zure aita eta biok ez genuen nahi zu horrela, hau da, aitona amonik gabe hazi behar izatea, eta telebistako programarena proposatu zigutenean ideia bikaina iruditu zitzaigun egia esan.
Idoiak:
-    Nola? Telebistako programa?! Zer gertatzen ari da hemen!
Amak jarraitu zuen:
-  Ah, pentsatzen genuen Garbiñek jada kontatu zizula. Ba … bazegoen ETB-ko programa bat “Amonak express” deitzen zena. Horretan, kastingean aukeratutako familia euskaldun batzuek, amona bat haien etxera bizitzera gonbidatzen zuten eta une kuttun edo dibertigarrienak, telebistan ematen zituzten. Guk izan ginen familia horretako bat, baina programa bukatu eta gero, Garbiñe gurekin bizitzen geratu zen urte batzuk gehiago primeran konpontzen ginelako elkarrekin.
Aitak hartu zuen txanda orain:
-   Bost urte bete zenituenean, amonak etxetik kanpo joatea erabaki zuen, bere aktoresa lanekin jarraitzeko eta beranduegi ez izateko, ez baitzuen zuri minik egin nahi. Baina… zuk izugarrizko memoria ona daukazu eta Garbiñez gogoratzen zinen. Lehen pentsatzen genuen, denborarekin ahaztuko zenuela, baina bost urte ondoren horrela jarraitzen zenuenez, berarekin kontaktuan jartzea erabaki genuen, eta gauzak argitzea, 10 urterekin gure plana ulertuko zenukeela uste genuelako.
Idoia aho zabalik geratu zen. Ez zekien zer esan ezta zer egin. Athletic-eko lepokoaren apurketarena gogoratu zuen eta bazekien momentu hartan komentatuz gero, bronkarik jasoko ez zuela. Neska azkarra zen, bai:
-   Beno, guztia ulertu eta sinesteko denboratxo bat beharko dudala uste dut, oraindik harrituta bainago. Gauza bat … Elenak Albertoren Athletic-eko lepokoa bilatzeko eskatu dit. Hala egin dut baina …  labirintoaren gorabeherekin hala bukatu da bere lepokoa … (lepokoa erakutsi zien)
Garbiñe:
-   Zer? Lasai egon zaitez Idoia, nik eskatu nion Elenari zuretzako errekaduren bat agintzeko, nik pistak prestatzeko denbora izateko. Elena eta biok beste egunean ezagutu ginen supermerkatuko ilaran eta hizketan hasi ginenean bururatu zitzaidan plana. Baina egia esan oso arraroa da zuk benetako lepokoa aurkitzea … Elenak ezer ezkutatuko ez zuela esan baitzidan.
Idoiak:
-  Beno, eta zertarako dira pistekin bildu behar izan ditudan objektu sinple hauek?
Amamak:
-  Ah, bai, objektuak. Mezu batean esan nizun moduan, horiek erabiliz zerbait egingo dugu guztion artean baina garrantzitsuena falta da.
Poltsikotik, gurasoak, Garbiñe, Orban eta bera agertzen ziren argazki bat atera zuen:
-  Zuk bildutako objektuekin marko polit bat egingo dugu argazki honentzako.
Laurak, beno, bostak Orban kontuan hartuz, noski, etxeko bidea hartu zuten. Izozki bat askalduko zuten, eta ondoren, markoarekin jarriko ziren. Garbiñe, lanetik erretiratuko zen urte horretan, eta Elorriora bizitzera joango zen. Horrela, oporrak izango zituzten bakoitzean, horiek Garbiñeren konpainiarekin igaroko zituzten. Etxerako bidean, Elena eta Albertorekin topo egin zuten. Etxera gonbidatu zituzten ere eta Idoiak lepokoarena komentatu zien. Harrituta geratu ziren, eta haiek lepokorik ezkutatu ez zutela baieztatu zuten. Idoiak Orban begiratu zuen eta eskumako begia kliskatu ziola iruditu zitzaion. Bere barnerako marmaratu zuen: “gaurko, sorpresa gehiagorik ez, mesedez”.

LEGENDA:

  • Irati: narratzailea, Elena eta ama
  • Maialen: narratzailea eta amona Garbiñe
  • Leire: narratzailea, elizako gizona, Idoia eta aita